Nortzuk gara
Emakumeen Dokumentazio Zentroa Maite Albiz
Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa 1982an sortu zen, koloretako azulejuak eta erabiltzen ez zen txapa bat zuen sukaldetxo batean, hainbat eta hainbat emakume borrokalariri bizitza berreskuratzen laguntzeko: lantegi eta enpresetan, artista ahaztuei, isilarazitako filosofoei, bazter utzitako ikertzaile eta pentsalariei, aktibistei, liderrei, politikariei, sindikalistei, euren lurrak defendatzeko zuhaitzak besarkatzen dituztenei, nahi dutenarekiko maitasuna aldarrikatzen dutenei, ama izan nahi edo nahi ez dutenei, bizitza bidezkoagoaren bila etxetik irteten direnei, euren bizitzaren jabe direnei.
Urte hauetan guztietan, feminismoa izan da gure gida, emakume sareak ezartzeko beharra bezainbeste. Gure memoria berreskuratzeak, eraikitzen lagundu ditugun historiak eta berdintasunaren aldeko ezinbesteko borrokak ematen diote zentzua zentro honi eta munduko Emakumeen Dokumentazio Zentro eta Liburutegi guztiei.
Dokumentazio Zentroa Bizkaiko Emakumeen Asanbladako lan-talde baten proiektu gisa sortu zen, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ideia eta ekintzei buruzko artxibategi eta dokumentazioaz arduratutako lan-talde baten proiektu gisa, alegia. Gaur egun, gure proiektuak 600 bazkide baino gehiago ditu atzean, eta Bilboko Udalaren, Emakunderen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza materiala jasotzen du.
Urteetan zehar, dohaintza pertsonalen bidez eta erosketak eginez, 7.000tik gora monografia dituen liburutegia osatu dugu eta gai feministetan eta genero ikerketetan espezializatutako aldizkarien hemeroteka zabal bat sortzen joan gara, bai eta 300 pelikula eta dokumentalek osatutako bideoteka bat ere. Horretaz gain, azken berrogei urteotan Euskal Mugimendu Feministaren aktibismoa jasotzen duten 3000tik gora dokumentu eta 1800tik gora kartel dituen artxibo funts bat ere badugu.
Eginiko bide luze horretan, Dokumentazio Zentroak tinko eutsi nahi izan dio munduaren ikuspegi ez-sexita barnean hartzen duten kultur adierazpenak hedatzeko eta emakumeen asoziazionismoa sustatzeko asmoari. Horretarako, askotariko ekintzak burutu ditugu: “feminarioak” izena hartuta antolatu ditugun aldizkako eztabaida-jardunaldiak, liburuen aurkezpenak, Emakumeen Asanbladaren testuen edizioak eta liburuen argitalpenak beste erakunde batzuekin lankidetzan, genero gaiei buruzko oinarrizko bibliografiak, eta abar. Egun, Dokumentazio Zentroa giltzarria da emakumeak Bizkaiko gizarte eta kultur arloan ikusgarri egon daitezen bermatzeko.